Zenbakien melodia

Imajinatzen al duzue zenbakirik gabeko bizitzarik? - Zer egingo genuke minutu, egun eta urterik gabe?! Nola egingo genituzke erosketak produktuen preziorik ezagutu gabe ala txanpon eta bilete hutsekin?! Imajinatzen al duzue emaitzarik gabeko eskubaloi partida bat?! Eta nola egingo genuke dei bat telefono zenbakirik gabe?! - soinu bandarik gabeko bizitza zatekeen, txuri beltzezko mundua.

Horrexegatik zenbakien ikaskuntzari berebiziko garrantzia eman behar zaio, beste adar askoren sorburu baita, eta oinarri finkoa edukitzea ezinbestekoa da, ondorengo ikaskuntza, paperezko etxe bat bailitzan, desegin ez dadin.

Zenbakien irakaskuntzan zentratuz, garrantzitsua da zenbakikuntza sistema hamartarra ulertzeari denbora nahikoa eskaintzea; sarritan, haurrek sistema hamartarraren funtsa ongi ulertu gabe jarraitzen dute aritmetikaren ikaskuntzaren prozesuan eta, gerora, horrek arazo ugari ekar ditzake, buruketak ebazterakoan, adibidez. 

Sistema hamartarra lantzeko lagungarria da material manipulagarriak erabiltzea, ikasleek zenbakiak ikusi eta ukitu ditzaten. Abakoa eta bloke oinarrianitzak material didaktiko egokiak iruditzen zaizkit unitateak (batekoak, hamarrekoak, ehunekoak, ...) ikasten eta ulertzen laguntzeko, baita batuketa eta kenketaren esanahia ulertzen laguntzeko ere (baina hori beste sarrera batean sakonduko dut).

Abakoan lerro bakoitzean 10 bolatxo daude eta lerro bakoitzak unitate desberdin bat adierazten du;  beheko errenkadan batekoak daude, hau da, bolatxo bakoitzak 1 balio du. Hurrengo errenkadak hamarrekoak adierazten ditu, hau da, bolatxo bakoitzak 10 balio ditu; ondorengo errenkadako bolatxo bakoitzak 100, eta horrela, hurrenez-hurren.


1. irudia: Abakoan 223 zenbakiaren adierazpena

Material honek aukera ona eskaintzen du unitateak lantzeko, 22 zenbakiko lehenengo 2ak eta bigarrenak balio berbera ez dutela ohartarazteko, adibidez.

Hala ere,  zenbakien irakas/ikaskuntzarako material aberasgarriagoa iruditzen zait bloke oinarrianitzena.

2. irudia: Bloke oinarrianitzak (10 oinarrikoak)
Kasu honetan, kubotxo txikiek batekoak adierazten dituzte; "zutabeek" hamarrekoak, "xaflek" ehunekoak, eta kubo handiek milakoak. Kasu honetan, 22 zenbakia adierazteko, 2 zutabe eta 2 kubotxo beharko ditugu.

 3. irudia: Blokeekin 223 zenbakiaren adierazpena

Abakoaren kasuan hamarreko bolatxoaren eta bateko bolatxoaren arteko desberdintasun bakarra kolorea eta errenkada-kokapena dira; forma eta neurriz, aldiz, guztiz berdinak dira.  Blokeen kasuan, berriz, hamarrekoak eta batekoak ez dute forma berbera, eta gainera, proportzioa mantentzen da, hau da, hamarrekoa batekoa baino hamar aldiz handiagoa da. Beraz, hamarrekoa eta batekoa bereizten ikasten dabilen ikaslearentzat lagungarriagoa izango da blokeak erabiltzea abakoa erabiltzea baino. Blokeetan, gainera, unitate batetik bestera tamainaren proportzioa mantentzeaz gain, pisuaren proportzioa ere mantentzen da (ez da gomendagarria, beraz, plastikozko blokeak erostea).

Aipatutako material didaktiko horiek eskuratzeko baliabiderik ez badaukazue, hona hemen beste bi ideia sistema hamartarra lantzeko:

1) Txotxak



4. irudia: Txotxekin 223 zenbakiaren adierazpena

Irudian ikusten den moduan, txotxa solteak batekoak izango dira, 10 txotxa goma batekin bilduz, hamarrekoak sortuko ditugu, 100 txotxa bilduz, ehunekoak. Modu horretan blokeen erabilera berbera lor dezakegu etxean eduki dezakegun material sinple eta merkea erabiliz.

2) Basoak
                                                                  

5. irudia: Basoekin 1371 zenbakiaren adierazpena

Irudiko basoak kafe eramangarrienak dira. Baso bakoitzak unitate bat adierazten du. Modu horretan, ikasleek nahi dituzten zenbakiak sor ditzakete, eta abakoaren erabilera oso tankerakoa lor daiteke.

Ikusi dugun bezala zenbakiak beste era batera lantzeko aukera zabala dago. Bultza dezagun, bada, material didaktiko horien erabilera, ikasleen motibazioa pizteaz gain zenbakikuntza sistema hamartarra ulertzeko bidea eskainiko baitigute, eta hori... oinarrizko aritmetikaren ikaskuntza-prozesuaren giltza da! Soinu bandarik gabe bizi nahi al duzue? Nik ez! Dantzatu dezagun bada!

Comentarios