3,2,1,...


Mahai gaineko karpeta besapean hartu, arropa guztia dagokion lekuan dudala berretsi, koloretako klarionaren kaxa eskuan hartu eta bulegotik atera naiz. Gelaraino dagoen pasilloa urduri gurutzatu dut; lankide bati kasu egin diot eskuarekin eta “ondo hasi!” esanez agurtu dut. Gelako atera gerturatzerakoan sakon hartu dut arnasa; eta karpeta eta klarion-kaxa irakasleon mahai gainean utzi ondoren ikasleei begira jarri naiz. 160 begi inguru niri erradiografia ateratzen. Bizkor sentitu dut bihotza bularpean… pum-pum! pum-pum!…, eta irribarretxo bat nire ezpainetan marraztuz “Egunon! Nire izena Iera da eta ni izango naiz Matematika eta bere didaktika II irakasgaiko irakaslea” esan dut.

Hau da Irailaren 10ean, ikasturte berria hastearekin batera gertatu zena. 13 urte daramatzat unibertsitatean lanean, eta urtero errepikatzen den errutina eta sentsazioak dira. Baina hori da ikasturtero errepikatzen den gauza bakarra, hortik aurrera gertatuko dena, aurreko 13 ikasturteetan gertatutakoaren desberdina izango baita. Ziur. 

Nire sabeleko tximeletak baretzearekin batera irakasgaia aurkeztu diet: garatu beharreko konpetentziak, landuko ditugun edukiak, bibliografia,... Eta, ondoren, bat-batean, isiltasun ozena nagusitu da ikasgelan, EBALUAZIOAren zehaztasunak emango dizkiedala esan diedanean. Lehenengo egun horretan 80 ikasleak batera ahoa ireki gabe igarotzen duten momentu bakarra izaten da. Ikaskideek ere elkarri “shhhh” egiten diete, mundua geratzera joango balitz bezala. Eta momentuan grazia egiten didala aitortu arren, gerora,  egoerak zer pentsatua ematen dit: ikasleei gehien interesatzen zaiena nola ebaluatuko ditugun da,  azterketak egongo diren, lanen bat entregatu beharko duten … hau da, irakasgaia gainditzeko errezeta ezagutu nahi dute. Horren guztien azalpenak eman, eta isiltasuna esprintean desagertzen da, horren ondoren esandakoa interesatuko ez balitzaie bezala.

Nire ikasleak, gerora, Lehen Hezkuntzako irakasleak izango dira eta matematika irakastea tokatuko zaie ziur aski. Ez al luke, beraz, garrantzitsuagoa izan beharko edukiak ondo menperatuko dituztela ziurtatzea? Eta errua ez da ikasleena,  ezta gutxiago ere! Errotik datorren arazoa dela uste dut; hezkuntzaren ardatza sarritan ebaluazioa da eta ikuspuntu hori zuzenena ez dela iruditzen zait. Noski ebaluatzea derrigorrezkoa dela, baina nik uste, ikasleen galdera nagusia “Zer ikasiko dugu irakasgai honetan? Eta nola?” izan beharko luke, “Nola ebaluatuko diguzu?” izan beharrean.
Baina… nola lor dezakegu hori? Badaukagu nahikoa lan hau dena bideratzen! Baina erronkak bota eta lortzen saiatzea baino zerbait gozagarriagorik ba al dago?! Horixe da MATEMATIKA ere: egoera desberdinetan sor daitezkeen erronkak ebazten laguntzeko erreminta. Ez al didazue esango, orduan, matematika ez dela polita?! 

Galdera horixe bota diet lehenengo eskolaren amaieran nire ikasleei ere. Eta barre egin dute, urtero bezala. “Nire aurtengo helburua ikasturte amaieran zuetako bakoitzak matematika zertxobait maitatzea izango da! Azken egunean esango didazue lortu dudan! Bihar arte!

Comentarios

  1. Kaixo,

    Nik ere lortu nuen Matematika maitatzea eta Unibertsitatean, irakasle ikasketetan, lortu nuen hori, hain justu, Modesto Arrieta irakasleari esker.

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Zer iruditu zaizu? Irakurritakoa gustatu ala ez, zure iritzia jakin nahiko nuke