Altza buruak!

"1953ko maiatzaren 2an Havilland Comet hegazkinak Calcutatik aireratu bezain azkar istripu larria izan zuen eta bidaiari guztiak hil ziren. Badakizue zerk eragin zuen istripua? Hegazkinak laukizuzen formako leihoak zituen, eta aireko presioa jasan ezinda, lehertu egin ziren! Ordutik aurrera hegazkinetako leihoek forma obalatua dute, hau da, ertzik gabekoak dira."

Hitz horiekin hasi dut gaurko klasea. Ikasturtea hasi zenetik Geometria lantzen dihardugu, eta behin baino gehiagotan azpimarratu diet ikasleei geometria egunerokotasunarekin lotzearen garrantzia. Matematika betaurreko teorikoekin ikusten dugu sarritan, eta horri buelta emateko ezinbestekoa da alderdi praktikora gerturatzea, kontzeptuak ulertzen laguntzen duelako eta, bereziki, matematikaren baliogarritasuna azaleratzen duelako.

"Irudi lauak edota solido geometrikoak irakastea tokatzen bazaizue, betiko irudiak (ezkerraldeko argazkian agertzen direnen tankerakoak) erakutsi beharrean, adibidez, azter ditzatela zuen ikasleek New Yorkeko dorre bikien lekuan eraikitako etxe orratz berria zein motatako triangeluek osatzen duten, edota ohar daitezela ikasgelako zakarrontzia, pilak ala motxilan dituzten txanponak zilindroak direla."

Argazkiak: Iera Arrieta

Gure ingurunearekin lotutako adibideak aztertzea oso garrantzitsua da, ikasleen "hori zertarako ikasi behar dugu?" bezalako galderak saihesteko pildora onenak direlako. Horrekin batera, ezinbestekoa da irudi geometrikoen aplikagarritasuna egunerokotasunean lantzea. Ume-parkeetan egoten diren zabuak zergatik diren trapezio formakoak aztertzea, adibidez, lan aberasgarria da, gure ingurunea josten duten forma geometrikoen jakitun izaten laguntzen duelako.

 Argazkia: Iera Arrieta

"Begiratu hurrengo irudia:"

Argazkia: Iera Arrieta 

- "Zer gertatuko litzateke pertxak triangelu kamutsak ez balira?" galdetu diet ikasleei.
- "Erropa eroriko litzakeela!" zuzen erantzun dit Nereak.
- "Ba pertxak kamutsak izan arren niri erropa erortzen zait! kar-kar-kar" bota du Markelek.

Modu horretako adibideekin, ikasleek forma geometrikoek egoera jakin batean hartzen duten garrantziaz jabetzen dira, hasierako hegazkinetako leihoen adibidearekin bezalatsu. Geometria irakasteko ikuspuntua aldatu beharra dago eta inguruneak horretarako aukera ugari eskaintzen dizkigu. Aprobetxa dezagun!

Zergatik ez diegu kontatzen ikasleei hegazkinak egunero geometriarekin jolasean dabiltzala, zuzen paralelo eta elkarzutak zeruan marraztuz?

Argazkia: Iera Arrieta

Ez al da erakargarriagoa horrela ulertzea eta ikastea matematika?!

"Azken aldian burumakur ibiltzen gara denok kaleetan; baina ez triste gaudelako, mugikorrei begira goazelako baizik! Altza ditzagun buruak mugikorretatik, egiogun irribarre gurutzatzen dugun edonori eta mires dezagun inguratzen gaituen mundu geometrikoa! Gorde motxilan zuen mugikorrak eta irten kalera! Bihar arte!"

Comentarios