Escape Room matematikoa

Zer da Escape Room-a?

Talde batek gela batetik "ihes egitea" izango du helburu; horretarako, elkarlanean arituz, erronka desberdinak gainditu beharko ditu. Ordubete pasa aurretik taldeak gelatik ateratzea lortzen badu Escape Rooma gaindituko du; kontrakoan, partida galdutzat ematen da.  Gaur egun oso modan dagoen jolasa da, eta gero eta herri gehiagotan ari dira irekitzen horrelako gelak.

Duela hiru urte eduki nuen lehenengo esperientzia mundu honetan; Bilboko Escape Room bat egin nuen beste 3 lagunekin, eta ateratzea lortu ez genuen arren esperientzia ahaztezina izan zen niretzat. Jolasak engantxatu egin ninduen: denborapasa paregabea iruditu zitzaidan, talde-lana, logika, zuhurtasuna, adimena, tentsioa, ... uztartzen zituelako, batik bat. Eta lehenengo esperientzia hartan bertan esan nion nire buruari: "noizpait horrelako zerbait sortu behar dut nire ikasleekin egiteko!". Pertsona tematia izaki... pentsatu eta egin!

Diseinua

ER bat sortzeko ideia horrekin urtebete inguru ibili nintzen. Eta ondoren, pixkanaka praktikara nola eraman pentsatzen hasi nintzen. Horretarako, puntu hauek hartu nituen kontuan:

- ER bat sortzeko esperientzia ona edukitzea ezinbestekoa iruditzen zait; hau da, ERa zer den eta probak nolakoak izaten diren ezagutzea oso garrantzitsua da gero norberak hortik ideiak hartzeko ala berriak sortzeko. Hiru bat ER egitea nahikoa dela uste dut ERaren hezurdura ondo ezagutzeko.
- Matematikako irakaslea naizen aldetik, garbi neukan nire ERak matematikako erronkak/jarduerak izango zituela. Beraz, beste pauso bat erronka horiek pentsatzea zen. Jarduera horiek oso zailak ezin zuten izan, ezta errazak ere...
- Erronkak normalean elkarren artean lotura edukitzen dute, jarduera bat gainditzeak beste jarduera bat gainditzeko giltza edota pista bat eman baitezake; beraz, ERaren egitura ondo diseinatu beharra zegoen. Garrantzitsua da aldi berean gutxienez bi jarduera egiteko aukera egotea, taldeko jolasa izanik talde txikiagotan banatu eta lana erdibanatzeko aukera edukitzeko.
- ERak beti istorio jakin batean girotuta egoten dira. Gai nagusi hori asmatu beharra neukan eta, ondoren, guztia gai horrekin lotu: musika, gelaren anbientazioa, nire mozorroa, jarduerak istorio horrekin lotu,.. Garrantzitsuena jarduerak diren arren anbientazio osoa inportantea dela iruditzen zait, ikasleak istorioan murgiltzeko eta motibatzeko oso lagungarriak direlako.

Eta puntu horiek guztiak argi edukita, pixkanaka nire ER matematikoa diseinatzen joan nintzen. Bide luze eta gogorra izan zen baina, aldi berean, izugarri disfrutatu nuen sormen prozesu guztiarekin.

Emaitza

Kaixo!
Bihar 9:00-10:00 bitartean misio garrantzitsu baten protagonistak izango zarete. 1.4 gelara etorri beharko duzue eta 8:55 puntuan "Carter Doktorearen esperimentua" kartela daukan atean hiru kolpe soinutsu eman beharko dituzue sartu aurretik: TOC! TOC! TOC!
Zuen zain egongo naiz bertan, misio horretan laguntzeko prest!

ER matematikorako prestatu nuen kartela (ikasgelaren atean itsatsi nuen)

Horixe da ERaren bezperan talde bakoitzeko ordezkariari bidali nion mezua. Ondoren, Donostiako Irakasleen Eskolako ikasgela bat hautatu nuen ERa gauzatzeko. Gela girotu (ospitale bateko laborategia zen), musika ordenagailuan jarri (tentsioa sorrarazteko) eta ni, medikuz mozorrotuta, gelaren barnean zain egoten nintzen talde bakoitzaren TOC! TOC! TOC! entzun arte.
Nire mozorroaren parte, mediku-akreditazioa.

Ikasleak gelara sartu ondoren, ER guztien hasieran ematen diren argibide sinpleak eman nizkien (mugikorrak ezin direla erabili, indarra ezin dela erabili kutxak irekitzeko, etab.), eta jarraian, tablet batean, Carter doktore maltzurraren intentzioen berri eman nien Genially-rekin egindako aurkezpen batekin. Ondoren, tabletean ordubeteko atzerako kontaketa martxan jarri nuen. 

Ondorengoa, ikasle-talde bakoitzarekin gertatutakoa bizipen desberdina izan da, hori bai, zein baina zein aberasgarriagoa. Jolasak irauten duen ordubete horretan, ni, post-iten bidez, pistak itsasten joaten nintzen, batez ere jardueraren batean trabatzen zirela ikusten nuenean.


Erronkak gaindituta modu honetako kandaduak irekitzeko pasahitzak lortzen zituzten
 
(Oharra: Ezin dut argibide gehiago eman datorren ikasturtean ere ER ia berbera egingo dudalako ikasle berriekin; baina norbaitek xehetasun gehiago behar baditu idatzi lasai mezu bat: iera.arrieta@ehu.eus)

Balorazioa


Irakasle bezala naramatzan 14 urte hauetan bizi izan dudan hezkuntza-esperientzia harrigarriena izan da, zalantzarik gabe. Prozesu luzea izan da, bai sorkuntza aldetik baita prestaketa aldetik ere, baina aldi berean izugarri gozatu dut. Praktikan jarri ondoren, dena espero bezala ateratzeak eta ikasleen harridura edota zoriontasun aurpegiak ikusteak egindako esfortzuak merezi izan duela baieztatu dit. Gainera, hemendik aurrera esperientzia hau urtero errepikatzeko aukera izango dut, ikusitako hutsune txikiak urtetik urtera konponduz eta hobetuz. 

Esperientzia honen ondoren, hauek dira ER bat ikasleekin egiteari ikusten dizkiodan hezkuntza-onurak:
- Irakasgaiarekiko ikasleen motibazioa pizteko baliabide ezinhobea. 
- Talde lana sustatzeko jarduera bikaina.
- Eduki kurrikularrak lantzeko edo errepasatzeko oso baliogarria. 
- Problemak ebazteko ahalmena garatzen lagundu dezake.
- Ikasleak ebaluatzeko tresna paregabea iruditu zait. Gozagarria izan da ikasleek jarduera bakoitzaren aurrean nola arrazonatzen duten ikustea, talde bakoitzean nork hartzen duen iniziatiba, matematikako edukiak nork menperatzen dituen, ...
- Egunerokotasunetik atera eta mugimenduan ikasten jarduteko baliabide erabilgarria.

ERaren ondoren ikasle bakoitzari galdetegi labur bat pasa nien euren iritzia ezagutzeko. Inkesta horietan lortutako balorazioa sekulakoa izan da (51 ikaslek hartu zuten parte):
- Bizitakoa hitz edo esaldi bakarrarekin deskribatu: Izugarria, miresgarria, harrigarria, bikaina, brutala, zoragarria, ikaragarria, oso interesgarria, primerakoa, itzela, matematikarekin bizitzako esperientzia hoberena, ...
- Motibagarria iruditu al zaizu? Eman puntuazioa 0-5: %100ak 5 puntu eman zizkion.
- Zer iruditu zaizu giropena (istorioa, mozorroa, gela, musika)? Izugarria, dena ezin hobeto, bikaina, kontextuan sartzen lagundu dit, oso ondo prestatuta, oso originala, oso oso landua...
- Lehen Hezkuntzan egiteko baliabide interesgarria iruditzen al zaizu? %100ak BAI erantzun zuen.
- Jarri gaurko ERari puntuazio orokor bat (0-10): erantzun guztien batazbestekoa 9,69 izan zen.


Ikasle talde bat, ERa amaitu berritan
 Hobetu beharrekoak

Dagoeneko bi hilabete pasa dira ERa praktikan jarri nuenetik eta horrek autokritika egiteko parada eman dit. Hauexek iruditzen zaizkit hobetu beharreko puntuak:
- 11 taldetik 3k soilik lortu zuten ateratzea, esperotakoa baino portzentaje baxuagoa. Jarduera batzuk zailegiak zirela uste dut eta horrek ikasle batzurengan frustazioa eragin zuen. Beraz, datorren ikasturterako jardueraren bat aldatu egingo dut. Nire helburua taldeen %60 inguru ateratzea izango da. 
- 11 taldeek ERa egiteko bost egun behar izan nituen. Horrek esan nahi du, 5 aldiz prestatu/girotu (eta gero jaso, noski) behar izan nuela guztia. Aste osoa erlojupean ibiltze horrek urduritasun handia sorrarazi zidan. Datorren ikasturterako egun gutxiago erabiltzea lortu behar dut, tentsio hori nolabait arintzeko.
- Ikasturtearen azken astean burutu nuen ERa, eta ikasturtea amaitzeko modu ezinhobea izan zen arren, datorrenean ez dut horrela egingo. ERaren helburuetariko bat ikasleak motibatzea eta ikasgaiarekiko jarrera positiboa edukitzea bultzaraztea da, eta horretarako ikasturtearen erdikaldean egin behar dela uste dut.

Amaitzeko, hau guztia abentura izugarria izan dela esan behar dut eta bide berriak eraikiz, Escape Room matematikoa Donostiako Lehen Hezkuntza Graduko ikasgelatik kanpora ateratzen saiatuko naiz, hezkuntza baliabide paregabea dela sinisten dudalako eta, gainera, matematika edonorengana gerturatzeko zubia izan daitekeela uste dudalako.

Comentarios

  1. Nola sar naiteke escape roomera?

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Hau gelan egin genuen Escape Room fisikoa da. Escape room birtualaren linka nire sare sozialetan topatuko duzue (facebook/twitter: @maitematika123). Esteka behar izanez gero, hala ere, idatzi mezu bat: iera.arrieta@ehu.eus

      Eliminar

Publicar un comentario

Zer iruditu zaizu? Irakurritakoa gustatu ala ez, zure iritzia jakin nahiko nuke