A hizkiarekin hasten da...

Geometria eta neurria gaien azken klasean, errepaso modura jolas bat egingo genuela proposatu nien ikasleei. Horretarako 5-6 pertsonako taldeak osatu behar zituzten; zozketaren bidez, talde bakoitzaren parte hartzearen ordena zehaztu genuen. Eta jarraian, beste azalpenik eman gabe, ordenagailuan "Misión imposible" pelikulako abesti ezaguna jarri nuen.

Bozgoragailuak kantari jarri orduko ikasleak urduritzen hasi ziren; eta ni, gozatzen.
Azkenik, proiektorea piztu eta pasapalabrako ”roskoa”  erakutsi nien. Emoziozko "uuuu!!" atera zitzaien. Eta horrela kontatu nizkien arauak:

- Letra bakoitzak azken asteotan landutako kontzeptu edo elementuren bat adierazten du. Hizkia hitzaren lehenengoa izan daiteke ala hitzak barnean hartzen duen bat.
- 1.go taldea hasiko da erantzuten. 10 segundo (kronometroa eraman nuen) edukiko ditu erantzuteko. Erantzuna zuzena ez bada, errebotea egongo da eta 2.taldearen txanda izango da.
- Asmatzen duzuen letra bakoitzagatik puntu bat lortuko duzue.
- Talde batek bi hizki jarraian asmatzen baditu, txanda pasako zaio, hau da, hurrengo taldea hasiko da erantzuten. Hala ere, bi hizki jarraian asmatzen dituen taldeak, bi puntu lortzeaz gain beste zerbait ere irabaziko du...

Emoziozko intriga aurpegia jarri eta nire poltsatik ateratako "sugusak" erakutsi nizkien. Txalo zaparradarekin erantzun zuten.

- Hizki guztiak amaitutakoan puntu gehien dituen taldea izango da irabazlea!
Argi dago dena? Prest zaudete??
"Baiii" beroa aho batez.
Eta horrela, gelako isiltasun ozena mision imposibleko notek soilik apurtzen zutela, jolasari ekin genion. 30 minutu inguru behar izan genituen jolasa amaitzeko.

(Klikatu linkeko roskoko hizki bakoitzaren gainean esaldiak irakurtzeko)


(Oharra: norbaitek erantzunak behar baditu, idatzi mezu bat helbide elektronikoarekin eta bidaliko dizkiot)

Bukaeran, ikasleak pozik agertu ziren eta jolasten genuen bitartean, eta ia oharkabean, bi gaiei errepaso txiki bat eman geniela jabetu ziren. Horrelako jolasen ondoren beti egiten dugun moduan "hausnarketa didaktikoa"ri heldu genion jarraian eta Lehen Hezkuntzan horrelako baliabideak erabiltzearen onurak zerrendatu genituen guztion artean.

Modu honetako jolasak oso aberasgarriak direla uste dut egunerokotasuneko dinamika hautsi eta irakasgaiari beste perspektiba bat emateko. Motibatuta ez dauden ikasleak "engantxatzeko" ere aukera ematen du. Sarritan, lan handia eskatzen du horrelako jolasak prestatzeak, eta denboraren gatibu garen garaiotan, ez da erraza izaten tarterik ateratzea horrelakoak egiteko. Hala ere, kasu honetan behintzat, lana oso erraza izan da: jolasa Genilly aplikaziotik hartu nuen (beste sarrera batean hitz egingo dizuet aplikazio zoragarri honek eskaintzen dituen baliabideei buruz). Jolasa sortuta dago bertan, eta hizki bakoitzarekin eraiki nahi duzun esaldia editatu besterik ez da egin behar. Beraz, konplikatuena hizki bakoitzerako esaldi eta kontzeptu bana pentsatzea izan da.

Jolas honekin, azken finean, nire helburua ikasleei beste baliabide bat erakustea izan da, beraiek LHko irakasle izatean edozein gai edota irakasgaitan praktikan jartzeko modukoa, ikasleen motibazioa eta interesa piztu eta irakasgaiarekiko beste ikuspuntu bat edukitzera bultzaraziko dituena. Motibazio horren bila gogor lan egin beharra daukagu... eta ez al da jolasa horren giltzetariko bat?! Nork ez du jolastuz ikasi nahi?! Darraiogun bideari!

Comentarios