Sugusak hegan

Musukoak jantzita eseri gara hegazkineko 23.ilarako gure eserlekuetan. Alabaren tripako korapiloa askatzeko sugusez betetako poltsa jarri diot magalean. Musukoak ezkutatutako irriparrea antzeman diot bere begi handietan. Poltsa irekitzen hasi da baina aireratzeak sor dezakeen belarriko mina saihesteko direla esan diot, eta hegazkina oraindik geldirik dagoenez itxaroteko eskatu diot.

- Jolastu egingo dugu bitartean! - proposatu dut.
- Ados, ama!

Sugusak poltsatik atera eta hauxe egin du alabak:
Ño! Sailkaketa! Pentsatu dut nerekiko, matematikari sena piztuta. Eta horrek ideia eman dit jolaserako:

- Ilara honen amaieran zer zaporeko sugusa jarriko zenuke?

Azkar jarri du sugus horia.
- Beste bat? - galdetu diot.
- Bai!! - esan dit gogotsu.

Aurrekoan baino zertxobait gehiago pentsatuta, ongi jarri du sugus horia berriz ere.

- Beste bat edo aspertu zara dagoeneko?

- Ez!! Beste bat, ama!!

Hauxe jarri diot:

- Hau zaila da, e?! - xirikatu dut.

- Bat ez... hurrengo hiru sugusak jarriko ditut!!

Esan eta egin.

Etxean ere jolas berbera kafe-kapsulekin ala arropa esekitzeko koloretazko pintzekin egin daitekeela otu zait. Euria egiten duen egun baterako - apuntutatu dut buruko agendan.

Eta, bapatean, hegazkineko motor hotsa entzun dugu. 

- Jarri dituzun azken hiru sugus horiek jango al ditugu orain?!

-Baiiii!! 

Sugus bana musukoaren azpitik ahoan sartu, eskutik estu heldu eta hegazkina martxan jarri da.

- Orain itxi begiak eta amestu Lanzaroteko hoteleko igerilekuarekin.

- Ba al dauka txirristarik, ama?

- Bai, bi!!

- Bi??!! Iujuuu!! - eta begiak indarrez itxi ditu, hegazkinak lurra atzean uztearekin batera.

Musukoa kokotzaren azpira jeitsi eta masailean musu eman diot. 




Comentarios