Napolitanak

Familiarteko batek COVID-19an positibo eman ostean, 10 eguneko itxialdi berri bat pasa behar izan dugu berriki. Aurreko konfinamenduan bezala, asteartea "Ostalaritza Eguna" izendatu genuen: alaba eta biok mantala soinean jantzi, eta napolitanak prestatzeari ekin genion, arratsaldea gozatzeko eta goxatzeko. 

Oraingo honetan, ordea, laukizuzen formako hojaldrearen ordez, nahastuta, zirkulu formakoa erosi genuela ohartu ginen. Aurreko aldian zintzo apuntatuta utzi genuen bezala, 10,5cm x 4cm inguruko laukizuzenak osatu nahi genituen napolitanak egiteko, baina zirkuluarekin... lana konplikatu zitzaigun.

- Nola egingo ditugu orain laukizuzenak, ama?- galdetu zidan alabak.

- Ahal dugun karratu handiena osatu beharko dugu! - erantzun nion nire ikasle txikiari.

- Eta nola egiten da hori??

Ikasleei galdera berbera luzatuko niela pentsatu nuen orduan. Azalerak lantzeko jarduera interesgarria irudi zitzaidan bat-batean, egoera erreal batean oinarritutakoa, gainera! Ezin hobeto!

Erregelarekin hojaldrearen diametroa neurtu genuen: 30 cm. 

Ondoren, papertxo bat hartu eta ariketa ebatzi nuen:

- 21 cm-ko aldeak dituen karratua osatu behar dugu! - esan nion alabari.

Gustura hartu zuen berak erregela, oso ondo zer egin behar zuen jakin gabe.


- Ama, eta orain zenbat napolitana aterako dira? Laukizuzen formako hojaldrearekin 12 lortu genituen, baina nik gehiago nahi ditut! kar-kar-kar

Berriz ere papertxoa eta boligrafoa hartu eta 10,5cm x 4cm-ko zenbat laukizuzen lortuko genituen kalkulatu nuen:

 -10! - esan nion emaitza borobilduz - Lehengoan baino gutxiago! Lastima! Baina, lasai, gaurkoak goxoagoak aterako zaizkigu!

Alaba oso konforme geratu ez zen arren, laukizuzenak Nutellaz betetako zilindro bilakatu eta lana bukatzen hasi ginen:

Azkenik, labeak miraria egiteko zain geunden bitartean, klasean erabiltzeko jarduera idatzi nuen, nire chef aurreratuaren laguntzarekin:

" Napolitanak egiteko nahikoa da laukizuzen formako hojaldreak kiribildu eta zilindro bilakatzea, barnean txokolatea jarrita. 30 cm-ko diametroa duen zirkulu formako hojaldrea erosi duzu. Ahalik eta azalera handieneko karratua osatu nahi duzu, hojaldrea ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Zer neurriko aldea izango du karratuak? Ondoren, karratu hori 4,2cm x 10,5cm neurriko laukizuzenetan zatitu nahi duzu. Zenbat laukizuzen eta, beraz, napolitana, lortuko dituzu? 

OHARRAK: Argazkiak gehitu jarduerari. Jarduera osatu daiteke: laukizuzen formako hojaldrearekin  neurri berdineko zenbat napolitana lortuko diren galdetuz, eta bi hojaldreen prezioak jarrita, ekonomikoena zein aterako litzatekeen galdetuz (hau da: napolitana bat zer preziotan aterako litzateke hojaldre bakoitzarekin?)."

Egunerokotasunean, ia oharkabean, problema matematiko ugari planteatzen zaizkigu. Horiek guztiak biltzen eta ikasleekin lantzen saiatu behar dugu, sarritan esan dudan moduan, matematika gustarazteko gako nagusienetariko bat problema errealekin lotzea baita. 

Labeko "pi-pi-piiii"-ak nire burutazioetatik atera ninduen, eta baita "listo daude napolitanak, amaaaa!" emoziozko oihuak ere. Korrika joan ginen sukaldera, eta labetik atera genituen. Alabak napolitana bat eskuzapiarekin kontuz hartu eta:

- Arrazoi duzu, ama! Gaurkoan napolitana gutxiago, baina inoiz baino goxoagoak daude!! Mmmmm!!!

 
Eta begiak gozamenaz itxita napolitana irentsi zuen.

Comentarios