Amets goxoak izan...
Liburuaren egunean Garoara (herriko liburu dendara) joateko ohitura daukagu familian, liburu bana erosteko. Uxuek, 6 urteko alabak, aurten garbi eduki du. “Hauxe nahi dut, ama!”.
Euskarazko ipuinen bat nahiago bagenuen ere, egun horretan
askatasuna ematen diegu haurrei, gustuko dutena eros dezaten. Azken aldian, astronomiarekiko interes handiarekin dabil, eta garbi izan zuen liburu dendako apalean ikusi orduko.
Ordutik, ia gauero, liburu hori irakurtzeko eskatzen dit. Egia esanda, niri ere ongi datorkit duela urte asko ikastolan ikasitakoari hautsa kentzeko. Galaxien, kometen, eguzkiaren eta, bereziki, gure Eguzki Sistemako planeten informazio ugari dator liburuan: diametroak, errotazio abiadurak, tenperatura minimo eta maximoak,…
Gau batean, Artizarrean 11 kilometroko altuera duen Maxwell mendia dagoela irakurri nion, Everest baino 2 kilometro altuagoko mendia, alegia.
Eta, bapatean, alabak irakurketa moztu zidan:
- Ama, baina nola da posible Artizarra Lurra baino txikiagoa izanda, Lurreko mendirik altuena baino altuago bat bertan egotea?! (maite ditut nire ikasle txikiaren galderak!)
Planetak txikiago izanagatik mendi altuagoak eduki ditzakeela azaltzen saiatu arren, alabaren bekokiak ilun jarraitzen zuen.
- Itxaron!- esan nion orduan.
- Itxaron!- esan nion orduan.
- Nora zoaz?!- galdetu zidan harrituta eta urduri antzean.
Ezer erantzun gabe, 2 minututan, hauxe prestatu nion:
- Begira: teniseko pelota Lurra da eta, bestea, Artizarra; ikusten duzunez, Lurra handiagoa da, baina Artizarrak mendi altuagoa dauka.
Alabari aurpegia argitu zitzaion bapatean eta Aaaa, klaaaaroo!!! bota zuen. Ez dago azalpen bisual bat baino ezer argigarriagorik.
Alabaren purrustadak tarteko, lortu nuen liburua alde batera utzi eta argia itzaltzea.
- "Amets goxoak izan..." - kantatu nion Izaro imitatuz.
- "Ahal dala nerekin..." - kantatu zidan maitekiro berak.
- Hori seguru, maitea - esan nion, eta - "nik musu bat kopetan" - kantatuz Uxuek begiak itxi zituen irrifartsu.
Ziur nago, gau hartan, izarrez jositako ametsak izango zituela.
Comentarios
Publicar un comentario
Zer iruditu zaizu? Irakurritakoa gustatu ala ez, zure iritzia jakin nahiko nuke