SIMETRIA - AIRTEMIS

Gaur simetria lantzen ibili gara klasean. Jone Uria bertsolari eta matematikariaren bertsoa ikus-entzunez ekin diogu saioari. Txapelketa bailitzan, txalo zaparrada eskaini diote ikasleek amaieran.

Ondoren, bertsoak esandakoari jarraiki, euskara eta simetria uztartzen saiatu gara:
Lehiaketa! Ea nori bururatzen zaion hitz simetriko luzeena, hau da, ezkerretik eskuinera eta alderantziz irakurrita hitz bera lortzen dena. Adibidez, AMA.
- ERE - esan du Javik.
- Ondo, baina ez duzu nire adibidearen hizki kopurua gainditu! Lau hizkiko adibiderik bururatzen al zaizue?
Segundo batzuetako isiltasunaren ondoren...
- IRRI - oihukatu du Igorrek.
- Ona!! Eta bost hizkiko hitzik?
Ez zaio inori halakorik bururatu.
- Gazteleraz badago hitz mundial bat: RECONOCER. Modu horretako hitz kapikuei Palindromo deitzen zaie. Biharko norbaitek horrelako hitz euskaldunik asmatzen badu, puntu bat emango diot!
Zurrumurru motibagarria sortu da ikasgelan.

Jarraian, simetria zein hitz ala irudirekin erlazionatuko luketen galdetu diet, eta berehala aipatu dute ispilua. Dakigunez, ispiluan ikusten den irudia, parean dagoenaren simetrikoa da eta, beraz, baliabide interesgarria da simetriari lotutako hainbat jarduera burutzeko.
Argazkia: ricardovazquez.es

Horretan jarri ditut ikasleak jarraian, ispiluarena egiten, alegia: bi ikasle atera eta batek ispiluaren papera hartu du eta besteak irudiarena. Lehen Hezkuntzako ikasleekin egiteko jolas egokia iruditu zaie.

Ondoren, ondoko argazkia erakutsi diet:
 Argazkia: geurea.eus

- Nola dago idatzita "anbulantzia" hitza?- galdetu diet.
- Simetrikoki.- erantzun du Olatzek.
- Eta ba al dakizue zergatik?
- Ez! - esan dute hiruzpalauk aldi berean.
- Aurretik doan kotxeak, atzerako ispilutik ondo irakur dezan! Larrialdiko uneetan detaile txikiena ere kontuan hartu behar da!

Jarduera batzuk egin ostean, Lehen Hezkuntzan geometria irakasteko ezinbestekoa den baliabidea aurkeztu diet: GeoGebra. Software matematiko honen erabilgarritasuna nabarmentzeko, programarekin simetriak nola kalkulatzen diren erakutsi diet. Eta jarraian, GeoGebrarekin Maialen Lujanbio bertsolariaren aurpegiko simetriak aztertzen ibili gara.
 Egilea: Iera Arrieta

Harridura aurpegiak eta barreak gailendu dira ikasleengan. Halakoxea da GeoGebrak burutzen duen lana: txundigarria!
- Zuetako batek selfie bat atera eta argazkia nire korreora bidaltzen badu, zuen aurpegia simetrikoa den ala ez egiaztatuko dugu! Norbait animatzen al da?
Denak, isilik, burumakur jarri dira.
- Gizarte aldrebestu honetan norbere buruaz barre egitea bezalakorik ez dago! Animatu!!
Eta momentu horretan bi ikaslek mugikorra atera eta selfie bana atera dute. Berehala ikusi ahal izan ditugu argazkiak horman proiektorearen bidez. GeoGebrak egin du gainerako lana. Barre algarak nagusitu dira gelan ikaskideen aurpegi eraldatuak ikusita.

Horrekin eman diogu amaiera eskolari. Gaurkoan simetria errealitatearekin lotzen saiatu gara
eguneroko bizitzako adibideak jarriz eta ikasleen parte hartze aktiboa sustatuz. Eta ikasleen inplikazioa erabatekoa dela ikusten duzunean... a zer gozatua irakasleontzat! Horratx gure erronka! 

Comentarios

Publicar un comentario

Zer iruditu zaizu? Irakurritakoa gustatu ala ez, zure iritzia jakin nahiko nuke