Matematika = Nazka

Ikasturteko lehenengo egunean, ikasleen aurrean nire burua aurkezten dudanean eta Matematika eta bere Didaktikako irakaslea izango naizela esaten diedanean, bekozko iluna jartzen didate gehienek . Eta, normalean, MATEMATIKA hitza entzuten duten bezain azkar "ufff", "que rollo", "ni oso txarra naiz zenbakiekin" eta horrelakoak botatzen dizkidate. Panorama erakargarri horri aurre egiten saiatuko naizela erantzuten diet, eta ikasturte amaieran egingo dugula azken balorazioa.

Azken urteotan, hala ere, ikasleengandik jasotako lehenengo inpresio hori horren ezkorra ez zelakoaren susmoa neukan, eta hori frogatze aldera, ikasleei MATEMATIKA hitz bakarrarekin lotzeko eskatzea bururatu zitzaidan boteprontoan.

"Papertxo batean, izenik jarri gabe, idatzi MATEMATIKA hitzarekin burura etortzen zaizuen lehenengo adierazpena". Zintzo bete zuten agindutakoa ikasleek. Papertxoak gorde eta bulegoan patxadaz begiratu nituen erantzunak. Matematikari/burukarratu naizen aldetik, jasotako adierazpenak multzokatzea eta kalkulu estatistikoak egitea otu zitzaidan. Aukeratu nituen lau mailak eta lortutako portzentajeak hauetxek izan ziren:
- Matematikako arloak: %26
- Positiboa: %18
- Neutroa: %15
- Negatiboa: %41

Akabo nere aurre-inpresioak! Ia gelaren erdiak adierazpen negatibo batekin lotu zuten Matematika! Hau marka!!

Portzentajeak alde batera utzita, erantzunetan zentratu nintzen:

1) Matematikaren arloren batekin lotu zutenen erantzunak (14 ikasle) hauetxek izan ziren: eragiketak, zenbakiak, buruketak, logika. Sarritan erlazionatzen da matematika zenbaki eta eragiketekin bakarrik, beste gaiek (geometria, neurria, probabilitatea,...) garrantzia gutxiago izango balute bezala, eta matematika lantzea eragiketak egitera mugatzeko joera dagoelako. Baina matematika hori baino askoz gehiago da! Google-en bilatzailearen lan egiteko moduaren atzean matematika dago, gaixotasun askoren sendagaiak topatzeko lanaren atzean ere bai, kreditu txarteletatik dirurik ez laputzeko ziurtasunaren atzean ere matematika dago, ... Matematika zabaltzen eta bere aplikagarritasuna azaleratzea lan garrantzitsua dela uste dut ikasleengana gerturatzeko.
2) Adierazpen positibo bat eman dutenek (10 ikasle)  jarritako hitzak: zoriontasuna, jakinmina, eguneroko bizitzarako tresna, erakargarritasuna, arazoak konpondu, oroitzapen onak.
3) Adierazpen neutroak hauek izan dira (8 ikasle): desberdina, erronka, praktika, despisteak, erregulartasuna, konzentrazioa, lana.
4) Adierazpen negatiboak irakurri nituenean zer egin ez nekiela geratu nintzen: barrez lehertu edo malkotan ito! Jaso nituen erantzunak (22 ikasle): beldurra, trauma, desesperazioa, arazoak, buruhaustea, pereza, nazka, zailtasuna, urduritasuna, burukomina eta asperdura.
 
 Erronka polita neukala aurretik esan nion neure buruari! Portzentaje horri buelta eman beharra dago bai ala bai: nolako matematikako maisu/andereñoak izango dira nire ikasleak gradua amaitzen dutenean? Ez al dute LHko ikasleek ere sentimendu negatibo hori jasoko euren andereño/maisuengandik? Ezinbestekoa ikusten dut irakasleok ematen dugun gaia sinestea eta nolabait maitatzea edukien transmisio egoki bat gerta dadin.

Sarritan esaten diet ikasleei irakasgai bat on ala txar irakasleak bihurtzen duela eta ez irakasgaiak berak . "Gure eskuetan daukagu, beraz, ikasleei matematika gustaraztearen giltza! Has gaitezen lanean!"

Comentarios