Infinitu maite zaitut, Luka

"Bultzaa!! Bultzaa!! Badatoor gure txikia!!!" eta halaxe, bultzada bakarrean, eta ordulariak 5:55 (ez da broma) seinalatzen zuen une berean, jaio zen Luka; eta bere negarra sinfoniarik ederrena iruditu zitzaigun.
Hala ere, ia 2 urte lehenago hasi zen dena, 2.haurra nahi genuela erabaki genuen momentuan. Bi neskako bikotea izaki, medikuen laguntza ezinbestekoa zen gure nahia aurrera eramateko, eta halaxe ekin genion bideari. Eta orain, Luka soinean zurrunkaka dudala, atzera begira jarri eta benetan bide matematikoa izan dela ohartu naiz. 

Klinikaren aukeraketarako, adibidez, hainbat puntu hartu genituen kontuan: aurrekontuak (aritmetika), klinika bakoitzeko haurdunaldi portzentajeak (estatistika eta probabilitatea), klinikaren kokalekua (neurria),... Behin klinikaren aukeraketa eginda, tratamendua martxan jarri genuen: lehendabizi hormonak hartzen hasi (folikulo kopurua handituz, haurdun geratzeko probabilitatea ere handitu zedin, aritmetika eta probabilitatea) eta ondoren kontrol ginekologikoak (hazten zihoazen folikulo kopurua eta tamaina kontrolatzeko, aritmetika eta neurria). Azkenik, dena punturik egokienean zegoenean, fekundazioa. Eta 12 egun beranduago, positibo. ZORIONTASUNA. Maiuskulaz.

Haurdunaldian ere matematika bidelagun izan  dugu: aste kopurua, haurraren bihotz taupaden erritmoa, haurraren neurriak, pertzentilak,... Aritmetika, neurria, estatistika.

Eta horrela, 39. asteko goiz euritsu batean, kontrakzioak hasi ziren. Oraingoan, emaztearekin papelak trukatuta, erditzea beste aldetik bizitzea tokatzen zitzaidan. Kontrakzioen kontaketarekin taula elegantea osatu nuen: zenbat kontrakzio, zenbatero, zenbat denborakoak. Aritmetika eta neurria. Eta denbora eta kontrakzioen maiztasuna aurrera joan ahala hartu genuen ospitalera joateko erabakia. Bertan, zenbaki gehiago: 4cm-ko dilatazioa, haurraren taupaden erritmoa, ... eta erditze gelara.

Atzera begira jarrita, uste dut une hartan aldendu ginela matematikatik: mugimendua, arnas-estua, masajea, tori ura, mina, emakumea, besarkadak, natura, garrasiak, indarra, begiradak, ahal duzu!, maite zaitut.

Eta azkenean, matematikarik gabeko une zirraragarri hartan jaio zen Luka. Matematikarik gabe. Ala ez? 5:55 ordularian.

Lukaren begi bixi irekiek atera naute oroitzapen ahaztezin horietatik; eta seme ederrenaz gain klaseetarako adibide mordoa ere ekarri ditudala ospitaletik ohartu naiz. Askotan esaten dut matematikaz inguratuta gaudela, eta garbi dago gure kasuan ere matematikaren laguntzarik gabe ezinezkoa suertatuko zitzaigula honaino iristea.

Baina ez, behingoz ez dut zenbakietan pentsatu nahi: semea bularraren kontra estutu eta begiak itxi ditut. Dena ez da matematika!, sinistarazi nahi izan diot nire buruari semearen goxotasunaz bero, semearen berotasunaz goxo.
Baina bapatean korrika azaldu da 3 urteko alaba eta kopetean musu maitakor bat emanez  "infinitu maite zaitut, Luka!" esan dio. Infinitu. Irriparre bihurria ihesi zait ezpainetatik eta alaba eta semea besarkatu ditut.

Comentarios

Publicar un comentario

Zer iruditu zaizu? Irakurritakoa gustatu ala ez, zure iritzia jakin nahiko nuke