Porrotxen konfinamendua

"0:55 ordenagailuko ordularian... ohera joan beharko dut ba!" pentsatu dut nerekiko. "Oraindik Porrotxen mozorroa kendu eta aurpegia garbitzeko daukat eta laister esnatuko da seme jaioberria, gose." Hauxe da nire egunerokoa konfinamendu asteotan. Fakultatera ezin joan baina ikasturteak aurrera darrai. Ikasleak kezkatuta eta zalantzati dabiltza egun aldrebestu hauetan eta mezuak bata bestearen atzetik pilatzen zaizkit korreoan.
Isolamendua hasi zenean nire ikasleak ikastetxeetara joanak ziren, beraien 2.praktikaldia burutzera. Baina 3 asteren ondoren, etxean gelditu behar izan dute. Lastima. Ikastetxeko egunerokoa bertan behera geratu arren, egin beharreko jarduerak moldatu eta aurrera jarraitzen dugu fikziozko praktikaldi honekin. Horretara behartuta gaude irakasleok, martxa eten ezinda. Baina 4 hilabeteko eta 3 urteko haurrak 24 orduz etxean edukita, nola egiten da hori?? Klase garaitik kanpo nagoenez, zorionez ez daukat ordutegi finkorik lanerako (bilera birtualak salbu) eta, beraz, erabakia hartu dut: seme-alabak esna dauden bitartean eurekin egon, eta lo daudenean lana egin. Loari kendu dizkiot orduak ttikiei kendu beharrean. Prioridade kontua da.

Ez dut beste irtenbiderik topatu, konfinamendu honetan kaltetuenak eurak direla uste baitut. Gu erosketak egitera ala zaborra jeistera irten gaitezke. Baina beraiek? Mendira joan eta zelaian zilipurdika ala tximeleten atzetik korrika ibili nahi dute, hondartzara joan eta zuloak egin nahi dituzte ala itsasoari xirikatzen ibili, kalean putzutan saltoka ibili nahi dute oinak blai eginda geratu arte, eguzki printzen goxotasuna jaso nahi dute,...Horren zaila al da beraien garapenerako hain garrantzitsuak diren puntuak kontuan hartu eta etxe-zulotik ateratzen uzteko planteamendu bat aurkeztea?! Aiton amonei buruz, helduei buruz, txakurrei buruz... asko hitz egin dute gobernu buruek. Eta... haurrak?? 20 egunetik gora daramatzate etxetik atera gabe! Erraz esaten da!!

Isolamenduko asteak eramangarriagoak izateko, etxean, errutina bat ezarri dugu: psiko-goiza, mozorro festa, etxeko garbiketa, sukaldaritza arratsaldea, bingo-online kuadrilako haur eta helduekin, eskulanak,... Egia esanda, egun politak pasatzen ari gara eta seme-alabak zukutzeko eta goxatzeko "betebehar" zoragarria da egunotan daukaguna. Bizitzan ez zaigu ziur asko horrelako beste aukerarik sortuko,  hau dena pasatakoan betiko egunerokotasun frenetikoan murgilduko garelako ia oharkabean. Hori bai, egun hauetan haurrekin bizitako guztia, egindako barre algarak, emandako besarkada estu amaigabeak... betirako geratuko zaizkigu iltzatuta bihotzean.

1:15. Berandu da eta nekatuta nago. Bihar 7tan joko du iratzargailuak, etxeko denak lo dauden bitartean lana egiteko. Baina pasilloan pauso arinak nigana arrapaladan hurbiltzen entzun orduko peluka urdina eta bigotea jantziko ditut berriz, alabaren irribarreari hegoak ebaki eta egongelako leihotik ihesteko tentaziorik izan ez dezan.

Comentarios