MATECONQUIS: gamifikazio proiektua - II

Aurreko sarreraren jarraipena...

EPISODIO 1

Lehendabizi, estatistikako oinarrizko kontzeptuak azaldu nituen. Eta adibideren bat egiten ari ginen bitartean...

"Atera denok zuen mugikorrak. Quizziz aplikazioan sartu eta jolasa martxan jartzen dudanean zazpi galdera erantzun beharko dituzue. Denak ondo erantzuten dituzten lehiakideak kontatuko ditugu talde garailea zehazteko; eta talde horrek Kapitainen Karta bat irabaziko du.

Denak asmatutako ikasleen zerrenda (Quizziz programa berak ematen ditu momentuan) ikusi genuenean talde irabazlea txaloka hasi zen!

Erruletak aukeratu zuen talde irabazlearen karta. Kapitainen Kartekin inmunitate jolaserako abantailaren bat irabazten da. Hemen pare bat karta adibide modura:

Aurretik bukatu gabe utzitako adibideari heldu genion jarraian. Beste ariketaren bat egin eta Inmunitate Jolasarekin hasi ginen.

"Genially programarekin sortutako ondorengo jolasa egingo dugu. Bakarka erantzun beharko diezue galdera guztiei. Ondo erantzuten duzuen galdera bakoitzeko puntu indibidual bana lortuko duzue. Puntu gehien lortzen dituen taldea izango da garaile. Talde irabazleak 20 puntu, inmunitatea eta kanpamendu aberatsa irabaziko ditu!"

Ikasleek harriduraz, urduritasunaz eta jakinminez bete zuten gela. 

Inmunitate jolasa 1

Jolasa amaitutakoan orriak jaso nituen eta "Bihar talde garailearen izena!! Eta irabazi ez duten taldeen artean... dueloa! Bihar arte!"

EPISODIO 2

"Egunon! Atzoko Inmunitate Jolasaren irabazlea..." eta proiektorean talde garailearen ikurra agertu zen. Irabazleek Champions Liga irabazi balute bezala ospatu zuten. Hori gozamena!

"Beste bi taldeek Dueloa jokatuko duzue. Dueloko irabazleek 10 puntu, Irabazle Ohien Karta eta kanpamendu pobrea lortuko dituzue. Irabazten ez duen taldeak, ordea, ez du punturik lortuko eta kanpamendu oso pobrean geldituko da."

"Eutsi ekipo!" bota zuen dueloa jokatu behar zuen ikasle batek. Barre egin zuten, urduri, taldekideek.

"Dueloa jokatzeko talde bakoitzean hiru azpitalde sortuko dituzue. Azpitaldeen arteko dueloa izango da, eta hiru dueloetan lortutako puntuak batuz irabazlea zein den jakingo dugu."

Dueloa amaitutakoan, talde irabazlea izendatu genuen, eta erruletaren laguntzarekin, Irabazle Ohien Karta bat lortu zuten. Karta horiekin zenbait abantaila eskura ditzakete. Hemen dituzue bi adibide:



EPISODIO 3

Ikasleak klasera etortzerako, gela prest neukan: beti bezala, paretetan, talde bakoitzaren kolore eta ikurrak itsatsita, eta haien ondoan, talde bakoitzak "irabazitako" kanpamenduko irudia:

Kanpamendu aberatsari zegokien mahaietan, gainera, sugus parea utzi nion ikasle bakoitzari, Inmunitate Jolasa irabazi izanaren sari gehigarri modura. 

Ikasleak gelara sartu eta paretak kartelekin girotuta ikustean, irribarrea ihesi zitzaiela igerri nien. Kanpamendu aberatsean zeudenak, euren eserlekuetara gerturatu eta sugusak ikusi zituztenean, berriz, pozez lehertu ziren. Sugus pareak eman dezakeen zoriontasuna! 

_________________________________________________________________

Hortik aurrera, EPISODIO 1-ean jarraitutako eskema berbera jarraitu genuen EPISODIO 3-an (galdera-kapitainen karta-inmunitate jolasa). Eta EPISODIO 4ak 2koaren berbera (dueloa). 

Lau inmunitate jolas eta beste horrenbeste duelo pasa ondoren, ikasleak praktiketara joateko garaia heldu zen; zazpi asteko Kit-Kata

Ikasleak ikastetxeetan trebatzen dabiltzan bitartean, pasatako gamifikazio-asteen inguruko hausnarketan murgildu naiz egunotan. Lan karga ikaragarria izan den arren, momentuz, balorazioa positiboa da.

Ikasleak oso motibatuta joan dira eskoletara, irrikaz. Eskolaren bat beranduago bukatu behar izan badugu jolasen batean atzeratu garelako, inor ez da kexatu eta ez da bere aulkitik mugitu, autobusak alde egingo ziola jakin arren. Baina esperientzia honetan gehien harritu nauena gelako isiltasuna izan da, Torre Eiffel puntatik ere entzun zitekeen isiltasuna. Ikasle guztiak (aurreratuenak eta zailtasun handiagoak dituztenak ere bai) Mateconquisen erabat murgildu eta adi egon dira nik esandakora, edukietara, jolasetara, jardueretara. Eta horrek Estatistika hobeto ulertu eta gehiago ikastera bultzatu dituela esatera ausartzen naiz. Ezin dut gehiago eskatu oraingoz.

"Orain praktikaldia dator" agurtu nintzen azken egunean. "Deskantsatu eta pilak kargatuta etorri. Praktikaldiaren ondoren, jolas gehiago, sorpresa handiagoak eta azken finala!! Disfrutatu egonaldiaz eta bueltan MATECONQUIS gehiago! Ondo ibili"





Comentarios