MATECONQUIS: gamifikazio proiektua III (finala: escape room)

 "Iera, zer daukazue orain?! Ikasleak urduri eta zu iristeko irrikaz utzi ditut gelan!". Horixe da Mateconquiseko finaleko egunean Ingeleseko irakasleak esan zidana ni gelara sartu aurretik. Ikasturtearen azken egun horretarako, gamifikazio proiektuaren gorenera iritsita geunden: hainbat inmunitate jolas eta dueloren ondoren, Mateconquiseko finala besterik ez zen geratzen. Ikasleei aurreko egunean kontatu nien bakarra hauxe izan zen:

"Ezinbestekoa izango da finalera taldeko koloreko kamiseta jantzita ekartzea. Talde bakoitza bi azpitaldetan banatu eta aparte egin beharko duzue lan; hala ere, amaieran, bi azpitaldeak elkartu beharko duzue azken proba gainditzeko. Puntu asko egongo dira jokoan, baina talde bakarra izango da Mateconquiseko finaleko irabazlea. Conquisen bezala, zuen onena emateko garaia iritsi da!"

Eta horrelaxe topatu nituen gelan ikasleak: gorri, berde eta urdin! Irribarrea begietan eta urduritasun nabaria zangoetan. Gelatik ateratzeko eskatu nien une batez. Gela zertxobait atondu ondoren, ikasleak sartuarazi eta taldeka esertzeko eskatu nien. 

"Ongietorri Mateconquiseko finalera!!". Txalo zaparradarekin erantzun zioten Julian Iantziri kopiatutako esaldiari. "Final honetarako Escape Room matematiko bat prestatu dut". Harriduraz eta emozioz beterik astindu zituzten eskuak berriz. "Pandemiak eragindako segurtasun neurriengatik Escape Rooma birtuala izango da. Nik hasiera ematen dudan momentutik ondoko ESTEKAN sartu eta bertan egin beharko duzue jolasa. Bukatzen duen lehenengo taldea izango da finaleko irabazlea. Animo eta zorte on! Finala hasiko da... 3, 2, 1... ORAIN! ". 

Ikasleak jolasean guztiz murgildu ziren berehala; ez zuten espero, ordea, aurretik nik esandakoa ez zela guztiz egia: Escape Rooma, gehienbat, online egin behar izango zuten arren, tartean, eta, bereziki amaieran, zati fisiko bat ere bazeukan!

1. irudia: Ikasleak, taldeka, lanean burubelarri.

20 bat minutu, elkarlanean, jarduerak ebazten igaro ondoren, lehenengo taldeak hauxe irakurri zuen ordenagailuko pantailan: 

2. irudia: Escape Roomeko pantaila-argazki bat.

Ikasleak hau irakurrita, elkarri begira geratu ziren hasieran, harrituta. Niri begiratu zidaten ondoren eta "Iera, baina joan egin behar dugu??". Nik besoak jaso nituen, ezer jakingo ez banu bezala. Ikasleak  korrika atera ziren gelatik orduan. Oraindik puntu horretara iritsi ez ziren beste ikasleei begien diametroa bikoiztu zitzaien gertatzen ari zena ikusita. Eta nik ezin nuen gozamena ezkutatu. 

Gure eraikinaren alboan dagoen aparkalekuan zegoen nire kotxea eta, bertako leihoan itsatsita, hurrengo jolasa:

3. irudia: Nire kotxean jolasa itsatsita.

Gelako leihotik ikusi nituen ikasleak aparkalekura KORRIKA iristen. Aurreko asteetan loari xahutu nizkion ordu guztiak konpentsatuta geratu zirela pentsatu nuen orduan.


4. irudia (bideoa): Ikasleak gelara korrika bueltatzen.

Ikasleak gelara korrika eta barrezka bueltatu ziren. Gustura zebiltzan matematikako jarduerak egiten! Gustura zebiltzan MATEMATIKAKO JARDUERAK egiten!  

Hurrengo jolaserako hauxe egin behar zuten: "4. banderatxoa lortzeko arbelean dagoen amarauna suntsitu behar duzue" (amarauna suntsitzeko bertako laukizuzenak, trapezioak eta triangeluak kontatu behar zituzten).

5. irudia: Arbelean jarri nien amarauna.

 Eta azken proba gainditu ondoren...

6. irudia: Escape Roomeko azken irudiaren pantaila-argazkia.

Hona iritsi zen lehenengoa talde gorriko 1.azpitaldea izan zen. Partaideak oso urduri, aulkietatik jeiki eta 2.azpitaldeari animoak ematen hasi ziren (presionatzen ere bai, egia esanda, kar-kar). Aldi berean, beste azpitalde batzuk ere lana amaitzea lortu zuten. Horiek guztiak, gelan ezkutatu nuen kutxaren bila hasi ziren, alde batetik bestera, dena miatuz. Talde gorriko kide batek aurkitu zuen kutxa, eta orduantxe lortu zuen gorrien 2. azpitaldeak ere bere kodea. Lau digitu horiekin kutxako kandadua ireki ahal izan zuten. Bertan honako ohartxoa topatu zuten:

"ZORIONAK! MATECONQUISEKO FINALEKO IRABAZLEAK ZARETE! BEGIRATU IRAKASLEAREN MAHAI AZPIAN ETA GOZATU GARAIPENAZ!"

Hori irakurrita ikasleetako bat makurtu eta mahai azpitik ... IKURRINA hartu zuen. Taldekideak saltaka hasi ziren, elkarri bostekoa emanez. Ikurrina eskuetan zuen ikasleak gogoz astindu zuen, Nahiak El Conquisen egin zuen bezalatsu. Beste guztiak, irabazi ez zutenak ere bai, txaloka hasi ziren.

7. irudia. Irabazleak ikurrinarekin.

Eta nik, ezin izango nukeen ikasturte amaiera ederrago bat imajinatu.

Comentarios