Nor da nor? matematikoa

"Zenbakiak eta eragiketak" gaia lantzen dihardugu ikasturtea hasi genuenetik. Ikasleei behin eta berriz azpimarratzen diet Zenbakikuntza Sistema Hamartarra eta Eragiketak ulertzeko material manipulagarriek duten garrantzia. Honi buruz hitz egin nuen aurreko sarrera batean: Zenbakien Melodia

Jolasak erabiltzeak dituen onurak ere behin baino gehiagotan aipatu ditut, eta aurtengoan etxeko jolas bat klaserako moldatzea bururatu zait, "Nor da nor?" jolasa, hain zuzen. Zenbakiak lantzeko modu dibertigarria izan daitekeela uste dut, eta aukera ugari eskaintzen dituena, gainera. 

Hiru jolas desberdin prestatu ditut, bakoitza eduki jakin batzuk lantzeko aproposa: 

1) Zenbaki arruntez soilik osatutakoa:

Jolas honekin ondoko kontzeptuak landu daitezke: zenbaki lehenak/konposatuak, zenbaki bikoitiak/bakoitiak, multiploak, zatitzaileak, zifrak, batekoa/hamarrekoa, kopurua.

Ikasleei iniziatiba utziko diegu galderak egiteko garaian, baina ideiak ere eman diezaizkiegu:
- "Zure zenbakia bakoitia al da?"
- "Zure zenbakia zifra bakarrekoa al da?"
- "Lehena al da?"
- "5aren multiploa al da?"
 ...


2) Zatikiez osatutakoa:


Hurrengo kontzeptuak landu daitezke: zenbakitzailea/izendatzailea, zatikia, zenbaki arruntak (eta haiei lotutakoak), zatiki baliokideak.

Eta egin daitezkeen galderak:

- "Zure zatikia 1 baino handiagoa al da?"
- "Zure zatikiko izendatzailea bakoitia al da?"
- "Zenbakitzailea 5aren multiploa al da?"
- "15/7 zatikia ala bere baliokidea al da?"
...

3) Zenbakien sailkapena lantzeko jolasa:


Kontzeptuak: zenbaki arruntak, osoak, arrazionalak, errealak, irrazionalak, zenbaki hamartarrak, periodoa, zifrak, kopurua.

Galdera proposamenak:

- "Zure zenbakia arrazionala al da?"
- "Zifra hamartarrak ba al ditu?"
- "Hamartar kopuru mugagabea al du?"
- "10 baino txikiagoa al da?"
...


Aipatutako kontzeptu guztiak ondo aztertu eta ulertu ondoren erabiliko nituzte jolas horiek Lehen Hezkuntzako klasean, modu dibertigarrian errepasoa egiteko aitzakiarekin. Jolasaren bidez ikasleengana iristea errazagoa baita; ez al duzu uste?

Comentarios