AGURRA
Duela bost urte hasi zen hau guztia. Nere barne kezka eta ezinegonei kasu eginez, Maitematika “proiektua” martxan jarri nuen: bloga eta sare sozialak (Instagram, twitter eta Facebook). Orain, aldiz, iritsi da agur (edo gero arte) esateko momentua.
Nere helburua, hasieratik, bakarra izan da: matematika ahalik eta pertsona gehienengana iristea, gerturatzea, matematikak egunerokotasunean duen garrantzia azpimarratzea, matematikako irakasle (edo irakasle, besterik gabe) zaretenoi, euskara hutsean eskainitako baliabide bat eskuragarri jartzea, matematikaren ikas-irakaskuntzaren ibilbidea gozatuz egin daitekeela erakustea, jolastuz ikasi daitekeela frogatzen saiatzea. Hau da, esaldi bakarrean, matematika maitatzera gonbidatu nahi izan zaituztet.
Ibilbide zoragarria izan da. Asko jaso dut. Asko eman didazue. Eta, horrexegatik, lerro hauekin eskerrak eman nahi dizkizuet, zuei denei: nire matejolasetan parte hartu duzuen guztiei, nire proposamen didaktikoren bat, etxean ala eskolan, praktikan jarri duzuenei, baita, besterik gabe, nire kontuak kuriositatez begiratzera edo irakurtzera animatu zaretenei ere. Asko izan dira pribatutik jaso ditudan esker oneko mezuak, eta horrek bakarrik (edo horrek denak), proiektu honetan xahututako minutu bakoitzak merezi izan duela erakutsi dit.
Momentu honetan, ordea, unibertsitateko gurpilari lotuta jarraitu beharra daukat, eta horretara bideratu behar dut orain nire energia. Beharbada, nork daki, urte hauetan guztietan buruan ibili ditudan ideiak martxan jartzera animatuko naiz, lana egonkortu eta bizitza ere baretzen zaidan beste momenturen batean.
Bitartean… ondo bizi!!
Eskerrik asko, eta besarkada bana,
Iera
Comentarios
Publicar un comentario
Zer iruditu zaizu? Irakurritakoa gustatu ala ez, zure iritzia jakin nahiko nuke