AGURRA
Duela bost urte hasi zen hau guztia. Nere barne kezka eta ezinegonei kasu eginez, Maitematika “proiektua” martxan jarri nuen: bloga eta sare sozialak (Instagram, twitter eta Facebook). Orain, aldiz, iritsi da agur (edo gero arte) esateko momentua. Nere helburua, hasieratik, bakarra izan da: matematika ahalik eta pertsona gehienengana iristea, gerturatzea, matematikak egunerokotasunean duen garrantzia azpimarratzea, matematikako irakasle (edo irakasle, besterik gabe) zaretenoi, euskara hutsean eskainitako baliabide bat eskuragarri jartzea, matematikaren ikas-irakaskuntzaren ibilbidea gozatuz egin daitekeela erakustea, jolastuz ikasi daitekeela frogatzen saiatzea. Hau da, esaldi bakarrean, matematika maitatzera gonbidatu nahi izan zaituztet. Ibilbide zoragarria izan da. Asko jaso dut. Asko eman didazue. Eta, horrexegatik, lerro hauekin eskerrak eman nahi dizkizuet, zuei denei: nire matejolasetan parte hartu duzuen guztiei, nire proposamen didaktikoren bat, etxean ala eskol